HASIERA
 Aurkezpena

 

 
 
 
Alokairua sustatzeko Alokabide sozietatea Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren tresna nagusia da, alokairuaren esparruko politika garatzeko, Etxebizitza Bideratzeko Planean (2002-2005) jasotzen denez.

Eusko Jaularitzak apustu handia egin du alokairuko etxebizitzak sustatzearen alde, etxebizitza sozialen modalitatean bereziki. Produktu hori, batez ere, merkatu librean etxebizitzarik eskuratu ezin duen eta, era berean, BOE etxebizitza erosteko zailtasun handiak dituen euskal gizartearen zatiari dago zuzenduta. Gainera, sustapen publikoko etxebizitzen parkean txandakatzea bultzatzeko baliagarria da, etxebizitza horiek jende gehiagok baliatuko baititu haien iraunaldi erabilgarrian.

Alokabide 2000. urtean eratu zen. Haren kapital soziala honela dago banatuta: % 50 VISESA sozietate publikoarena da, eta beste % 50a Bilbao Bizkaia Kutxarena (BBK), Gipuzkoa Donostia Kutxarena, Caja Vital Kutxarena eta Euskadiko Kutxarena. VISESA sozietate nagusia da Euskadin etxebizitzaren eta, zehazki, etxebizitza babestuaren sustapenean, eta Alokabideri kalitatezko produktua eskaintzen dio, erabiltzaileen beharrei egokitutakoa. Finantza-erakundeek, bestalde, epe luzerako finantzaketa-ahalmena dakarkiote sozietateari, etxebizitza-parke handi horri eutsi ahal izateko.

Sozietatearen hartzaile zein izango diren erabakitzeko, Etxebide ? Etxebizitzen Euskal Zerbitzuak zozketak egiten ditu.

Alokabidek, dagoeneko, EAEko hiru lurraldeetan banatutako 1.364 etxebizitza VISESAri erosteko konpromisoa hitzartuta dauka. Bi urte pasatxotan, Euskal Autonomia Erkidegoko alokairu-sustatzaile nagusia bilakatuko da. Bere etxebizitza-parkea kudeatzeaz gain, alokairua kudeatzeko zerbitzua egingo die beste erakunde batzuei, besteak beste Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari.

Abiarazi zenetik, sozietateak kudeaketa-teknika berrienak barne hartu ditu, hala nola kalitatearekin eta ingurumenarekin lotutakoak; hori guztia erabiltzaileei eta euskal gizarte osoari zerbitzurik onena eskaintzearren.
 
 
 
 
         
 
Lege informazioa